XXVII Idiazabal Gazta Berriaren Aurkezpen

4 abril, 2021

Apirilak 7, asteazkena,

Ordiziako Oiangu Parkean

Covid19ak eragindako pandemiak iazko Artzain Eguna bertan behera utzi zuen, eta urtebete ondoren, oraindik ere zuhurtziaz jokatzeko garaia da. Horregatik, eta segurtasun neurriak osotasunean bermatzea ezinezkoa izango denez, Artzain Eguneko azoka ez ospatzea erabaki da.

Garai zailak izan dira lehen sektorearentzat. Artzainen lana asko zaildu da eta esfortzuak biderkatu behar izan dituzte salmentei eusteko, bide berriak zabalduz. Sektoreari babesa eman eta izan ditzaketen salmentetan eraginez, Ordiziako Udalak XXVII. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena egitea erabaki du, apirilaren 7an, goizeko 11:00etan, Oianguko parkean. Edukiera mugatua izango du, eta komunikabide eta gonbidatu gutxietara bideratua izango da.

Ordiziako Udalak, Idiazabal Gaztaren Jatorriko Izendapenak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak antolatu ohi duten ekitaldia komunikabideetara bideratuta egongo da, garai hauek eskatzen duten segurtasun neurriak medio, gonbidatuen presentzia murriztuta.

Ekitaldia goizeko 11:00tan, Ordiziako Oiangu ospatuko da eta Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek parte hartuko dute.

Joxe Mari Ustarrozi aitortza
Aurtengo ekitaldian ez da ohiko omenaldirik eskainiko, baina hamazazpi urteko jardunaren ondoren Idiazabal Jatorri Izendapenaren lehendakaritza utzi duen Joxe Mari Ustarrozi aitortza ekitaldi xume bat egingo zaio Ordiziako Udalaren eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiaren aldetik. Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izendapenak iragan urteko ekoizpenaren datuak emango ditu eta artzain eta gaztandegi erregularrenak sarituko ditu. Kontseilu Erregulatzaileak 2020 urtean  bere kalitate eta erregulartasunagatik gazta egile hauek saritzea erabaki du:

Artzain ekoizle saritua: Ander Barandiaran Mujika (Gaztañaditxulo, Idiazabal)

Ander Barandiaranek Goierriko Idiazabal herrian egiten ditu bere gaztak, larre eta basoz inguratuta, Gaztañaditxulo baserriak duen nortasunaz jantzia. Arbasoen usadioak mantenduz eta berrikuntzarekin uztartuz, ingurugiroarekiko jasangarritasunean esne kalitate gorenena lortzea da gaztandegi txiki honen helburua. Gazta bakoitza  egindako lanaren, esfortzuaren eta bere zaporearen atzean dagoen bizimodu eta pasioaren emaitza delarik, artzaintzarena alegia.

Gaztandegi saritua: Goiburu Gaztandegia, Idiazabal.

Abel Goiburuk, Idiazabalen du gaztandegia. Abelek bere familiatik hartu du artzaintza eta gaztagintzaren testigua. Juanak eta Domingok haien bizitza osoa Idiazabal gazta munduan pasatu ostean, haien jakintza eta kalitatezko errezeta semeari utzi diote. Izendapenetik garrantzia handia ematen diogu kasu hauei; non ezagutzen transmisio familiarra uztartzeaz gain, lan onaren eta arrakastaren aldeko apustua egiten den belaunaldi berrietan. 

Jakitea Elkarteak moztuko du gazta
2021eko Idiazabal gazta berriaren mozketa, urtero legez, gure gazta sustatuko duen pertsonaia edo elkarte batek burutzen du, eta aurtengoan, Sukaldaritza tradizionala sustatzen duen JAKITEA Elkarteak egingo du.

Jakitea Elkartea betiko sukaldaritza, gure betiko euskal sukaldaritzak sortutako platerak eta bere tradizioari mantentzen dioten sukaldariak indartzeko eta sustatzeko helburuekin jaio zen.

Aurreko helburuei heltzeko oinarria kalitatezko produktuetan hartzen dute, inguruko ekoizleak, Km 0ko produktuak eta jatorrizko produktuak erabiltzen dituzte.

Gazta berriaren mozketaren inguruan informazio gehiago hemen duzue eskuragarri:

https://www.ordiziakoazoka.eus/azoka-bereziak/artzai-eguna/historia