Roca, planktona eta pizza, San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresuaren bigarren eguneko izarrak

Angel Leonek esklusiban aurkeztu du jateko on den planktona; bera da horretan aitzindaria eta merkaturatzeko elikagai berri gisa onartua izan da

Pau Arenos kazetariak irabazi du Kazetaritza Gastronomikoko Pau Alborna i Torras II. Sariketa

Joan Roca chefak, Fikzio “glokala” hitzaldiarekin, lepo bete du Kursaal Jauregiko auditorioa, San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresuaren bigarren egun honetan. Eszenatokiaren gainean, Celler de Can Roca jatetxeko chefak arraia prestatu du Gironako mostazarekin, eta izozki bat, bere bira amerikarrean, Hegoamerikatik ekarritako huitlacoche-arekin eta artoarekin. Tradizioa beste herrialde batzuetako osagaiekin nahastu du Rocak eta bere sukaldaritzaren glo-cal kontzeptuaren defentsa egin du. Bere aitari omenaldia ere egin nahi izan dio, “berritzaile” bat izan dela esan du, eta Celler jatetxerako baxera berria aurkeztu du, salda beroa barrura zerbitzatzean zabaldu egiten dena.

Eguneko beste ikusgarri nagusi bat Angel Leon chefarena izan da; lehendabizi Sukalde Pribatuan eta, ondoren, Auditorioan, jateko on den planktona aurkeztu du.  Itsasoko Chefak gizakien kontsumorako baimena eman diotela eta, ondorioz, berak garatu duen produktua merkatura daitekeela iragarri du; besteak beste, Quique Dacostari laga dio produktua eta, honek, planktona, barraskiloak eta saltsa berdea bateratzen dituen torrija bat prestatu du Auditorioan bertan. Dacostak iragarri duenez, 2015. urtean atsedenaldi bat hartuko du eta ez du kongresu nazionaletan parte hartuko.

Gaur ere Italiara, edizio honetako gonbidatutako herrialdera, bidaiatu du Kursaal Jauregiko auditorioak, Napoliko Enzo Coccia (Michelin izarra daukan munduko pizzeria bakarra), Raimondo Cinque eta Enzo Piccirillo pizzagileak eta Davide Scabin bezalako beste chef batzuen bisita hartzeko. Pedro Subijanak itxi du gaurkoa, Lurralde ludikoarekin; Kursaaleko Auditorioak egun gastronomiko intentsua bizi izan du, eserlekuak lepo beteta.

Dastaketarik bikainenetako batean ere presente egon da Italia; Aria di Alba, by Tartuflanghe trufa zuriarenean, hain zuzen ere. Espainiar hiru sukaldari eta italiar beste hiru desafioan aritu dira, onddo honekin prestatutako plater banarekin. Ruben Trincadoren Pasioa: haragi-carpaccioa erremolatxarekin eta Christian Miloneren Trufa Gozoa aukeratu ditu dastaketan inskribatutako publikoak, espainiar eta italiar plater onen gisa.

Kazetaritza Gastronomikoko Pau Alborna i Torras II. Sariketako irabazlearen izena ere gaur eman da ezagutzera. Pau Arenos izan da irabazlea, El Periodico de Catalunya egunkariko kazetaria.

Gaurko beste irabazle bat Maria Claveria izan da, Aula Makroko Aukeratu zure sukalde-laguntzailea jardueran garaile suertatu baita; jarduera horretan, Susi Diaz, Ramon Freixa, Gorka Txapartegi eta Dani Garcia sukaldariak aritu dira lau izangairen sukalde-laguntzaile gisa; epaile lanetan, berriz, Joan Roca, Mikel Lopez Iturriaga, Makroko ordezkari bat eta El Diario Vascoko beste bat aritu dira.

San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresua goi-mailako gastronomiaren erreferentea da mundu mailan; igandean ekin zion aurtengo edizioari egun herrikoiarekin, munduko pizzagilerik onenekin eta Italiatik ekarritako osagaiekin, masekin eta labeetan prestatutako beraien pizzekin. Profesionalentzako hiru egunetan zehar, Italiako 30 Michelin izar pasatuko dira eszenatokitik, Massimo Bottura, Carlo Cracco eta Gennaro Esposito, besteak beste. Haiekin batera, Euskadiko eta Espainiako chefik onenak, hala nola, Juan Mari Arzak, Andoni Luis Aduriz, Martin Berasategi, Hilario Arbelaitz, Pedro Subijana, Eneko Atxa, Joan Roca edo Carme Ruscalleda

Biharko hitzorduak Gastronomikan

Biharkoa izango da San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresuaren azken eguna eta Martin Berasategi chefa (Perfekzioa irudikatuz) eta Virgilio Martinez sukaldari perutarra (Kolon aurreko kreazionismoa) izango dira protagonista; Martinezen jatetxea Latindar Amerikako jatetxerik onen gisa aukeratu dute berriki. Parrilla Lehiaketa Nazional tradizionala izango da biharko unerik nabarmenenetako bat (14:00-15:30); txuleta onena aukeratzeko botoa emango dute profesionalek zein zaletuek. Arratsaldean, Paco Perez, Pepe Solla, Ramon Freixa, Josean Alija eta Eneko Atxa sukaldarien hitzaldiekin emango zaio itxiera San Sebastian Gastronomika-Eneko Basque Country kongresuaren XVI. edizioari.

 

Escribir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *