Jardunaldi herrikoiak eta pizzak eman diote hasiera San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresuaren XVI. edizioari

Ehunka donostiarrek gozatu dute ‘street food’ ekimenaz, herrialde gonbidatu gisa, Italia protagonista izango duen eta astelehen honetan abiaraziko den kongresu profesionalaren atarian

San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresua italiar ukituz eta zaporez abiarazi da. Enzo Coccia (Michelin izardun munduko pizzeria bakarra), Raimondo Cinque (Pizzeria a Metro) eta Enzo Piccirillo (pizza frijituaren maisua) chefek Kursaal parean jarri dituzte Napolitik ekarritako egur labeak, Donostian benetako pizza napolitarra eskaintzeko. Bi ordu pasatxoan, pizzagileek munduko pizzarik onenen 600 zati baino gehiago zerbitzatu dituzte, Italiatik ekarritako osagaiekin, masekin eta egur labeetan zuzenean prestatutako pizzak. Lehenengo egunean, street food postuetan mila dastaketa baino gehiago saltzea espero da; asteazkenera arte egongo dira zabalik postuok, 11:00etatik 20:00etara.

Kursaal barruan, Enzo Coccia chefak benetako pizzaren masa nola prestatzen den erakutsi du eta eskatu du ez dadila janari hori fast food delakoarekin lotu. Cinque chefak Margarita deritzon pizza prestatu du, italiar osagaiekin (tomatea, albaka, mozzarella, Parmiggiano eta olioa) eta Cristiano Piccirillok (pizzagile ezagunaren semea) pizza frijituaren sekretuak azaldu ditu.  Espainian bizi diren Max eta Stefano Colombo (Xemei) italiar maisuek pasta azkarra prestatu dute iparraldeko arrautzekin, hegoaldeko (Caputo) irinarekin eta antxoekin; Andrea Tumbarellok (Don Giovanni), berriz, 3 carbonara prestatu ditu: bata, perretxikoekin eta trufarekin; beste bat, ganba gorriekin eta hegaluze botargarekin eta, azkenik, carbonara tradizionala.

Horrelaxe hasi da San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresua, mundu mailan goi-mailako gastronomiaren erreferente garrantzitsua dena eta aurten XVI. edizioa ospatzen duena, Italia herrialde gonbidatua delarik. Italiako chefik onenak elkartuko dira Kursaal jauregian, euskal sukaldaritzaren eta sukaldaritza nazionalaren ordezkari onenekin batera; gastronomiako profesionalentzako eta zaleentzako ezinbesteko hitzordua bilakatu da. Ekimenak aurre-inskripzioa egin duten kongresista gehiagorekin (% 5) hasi du aurtengo edizioa; atzerriko parte-hartzaile kopuruaren gorakada ere nabarmena izan da (% 67).

Jardunaldi herrikoiaren ondoren, bihar hasi eta hilaren 8ra arte, inskribatutako profesionalek Italiako 30 Michelin izarrez gozatzeko aukera izango dute; hemen izango ditugu, besteak beste, Massimiliano Alajmo, Massimo Bottura, Niko Romito, Carlo Cracco, Gennaro Esposito, Davide Scabin edo Andrea Berton. Horiekin batera, Euskadiko eta Espainiako chefik onenak ere egongo dira, hala nola, Juan Mari Arzak, Andoni Luis Aduriz, Martin Berasategi, Hilario Arbelaitz eta Pedro Subijana –Batzorde Teknikoko kideak-, Eneko Atxa eta Josean Alija. Goi-mailako gastronomiaren beste izen handi batzuek ere ez dute hutsik egingo, Joan Roca, Carme Ruscalleda, Quique Dacosta, Francis Paniego, Paco Perez, Ramon Freixa, Marcos Moran, Dani Garcia eta Angel Leon chefek, esaterako.

Bihar hasiko dira hitzaldiak Kursaal Jauregiko auditorioan; baita talde txikiei zuzendutako tailer esklusiboak ere, Quique Dacosta, Dani Garcia, Marcos Moran, Ricard Camarena, Virgilio Martinez, Elena Arzak, Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz eta Alberto Manassei adituen eskutik.

 

Biharko hitzorduak Gastronomikan

Massimo Bottura eta Carlo Cracco italiarrak izango dira protagonistak bihar goizeko egitarauan; biharkoa izango da profesionalei zuzendutako lehendabiziko eguna. 13:15ean, Gastronomikaren inaugurazio ekitaldia egingo da eta berriki hil den Pedro Arregiri, Elkano jatetxearen sortzaileari, omenaldia egingo zaio.  Ekitaldi horretan bertan, kongresuaren XVI. edizioa ospatzeko Cristian Escriba gozogile kataluniarrak egindako pastel sorpresa ikusgarria ezagutzeko aukera egongo da.

13:45ean, Juan Mari eta Elena Arzak aita-alabek emango diete amaiera goizeko saioei.  Arratsaldean, Carme Ruscalleda, Dani Garcia eta Andoni Luis Aduriz chefek beraien azken sorkuntzak aurkeztuko dituzte auditorioan eta Quique Dacostak partaide talde txiki batentzako eskola partikularra eskainiko du (Sukalde Pribatua).

Gastronomika kongrasuko OFF atalari ere bihar emango zaio hasiera; ardoa izango da protagonista, Wine Sessions direlakoen eskutik. Egun osoan zehar, gidatutako dastaketak egingo dira Walter Speller, Josep Roca, Luca Maroni eta Jane Hunt adituen eskutik, besteak beste; 18:30ean, berriz, Wine & Win txapelketaren finala jokatuko da.

Gastronomikako Market delakoa ere bihar irekiko da; Marketa 100 marka baino gehiago biltzen dituen azoka-espazioa da. Munduko produktu onenetako batzuk dastatzeko aukera egongo da.

Escribir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *