Gipuzkoako okindegi tradizionalek bertan landutako ogia sustatzeko kanpaina jarri dute abian

• Gipuzkoako 25 establezimenduk ‘Desberdintasuna dastatu’ kanpainaren bigarren faseari ekin diote gaur, merkataritza-establezimendu txikietan kontsumoa sustatzeko helburuarekin, fabrikatzaile handien ogi-ekoizpen masiboan gero eta lehiakortasun handiagoa topatzen baitute

• Agipan elkartea 140 okindegik osatzen dute, eta, guztira, 1.800 pertsonek lan egiten dute horietan. Egitasmo honekin, Gipuzkoako okindegi tradizionalek lehengaien kalitatea eta ogiaren elaborazio prozesua zaintzeko egiten duten apustua azpimarratu nahi dute

• Kanpainaren lehenengo fasean milaka gipuzkoarrek hartu zuten parte, eta martxan jarri berri duten fidelizazio ekintzarekin “kalitatezko ogiaren eta bertako produktuaren kontsumoa” sustatu nahi dute, baita “Gipuzkoako enplegua mantentzen lagundu” ere

• Ekimenarekin bat egin dute Andoain, Azpeitia, Beraun (Errenteria), Deba, Donostia, Getaria, Hernani, Irun, Legazpi, Tolosa, Urretxu, Billabona eta Zumarraga udalerrietako okindegiek

Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren (FMG) barne dagoen Agipan Gipuzkoako okindegien elkarteak ‘Desberdintasuna dastatu’ kanpainaren bigarren fasea jarri du gaur abian, okindegi tradizionalak nabarmentzeko eta merkataritza-establezimendu txikien kontsumoa sustatzeko. Izan ere, fabrikatzaile handien ogi-ekoizpen masiboan gero eta lehiakortasun handiagoa topatzen dute. Gainera, establezimendu txikiek duten ezaugarri nagusietako bat azpimarratu nahi dute: produktuaren kalitatea.

Kanpainaren lehenengo fasea maiatzean gauzatu zen, eta arrakasta handia lortu zuen, 25.000 bezerok parte hartu baitzuten ekimenean. Bigarren fasean, Donostiako Sustapenaren babesa izango dute egitasmoa aurrera eramango duten 25 establezimenduek. Okindegietako langileek bezeroak informatuko dituzte, egunero erosten duten ogiaren kalitateaz ohartarazteko, eta euren konfiantza eta leialtasuna sarituko dituzte, faktore horiek bermatzen baitute saltoki tradizionalen biziraupena.

Agipan elkarteko presidente Francisco Sotomayorrek kanpaina mota hauek sustatzearen garrantzia nabarmendu du, “kalitatezko ogiaren kontsumoa eta bertan egindako ekoizpena bultzatzeko lagungarriak direlako, eta Gipuzkoako enplegua mantentzen laguntzen dutelako”.

Gaurtik hasita, eta abenduaren 20ra arte, igandea, proiektu honetan dauden okindegietako bezeroek hainbat zozketetan parte hartzeko aukera izango dute: bata, Euskadiko landetxe batean egonaldia; eta bestea, establezimendu bakoitzean, astebetez ogia doan jasotzeko aukera. Guztira 100 ogi-sorta banatuko dituzte, lau okindegi bakoitzeko. Irabazleek zazpi egunez, egunero, aukerako bi ogi jasoko dituzte euren ohiko saltokian. Dendetan ikusgai izango diren euskarriez gain, kartelak, liburuxkak eta kutxak, kanpaina sare sozialetan ere zabalduko dute, elkarteak Facebooken duen orriaren bitartez.

Kanpainan parte hartzeko, fidelizazio txartela jasoko dute bezeroek, eta zigilua jarriko zaie erosketa egiten duten bakoitzean. Sei zigilu eskuratzerakoan, txartela zozketen kutxan sartu ahal izango dute, sariak eskuratu ahal izateko. Bezero bakoitzak nahi adina txartel bete ahal izango ditu.

Kanpainak jarraipena izango du hurrengo hilabeteetan, okindegi tradizionaletako bezeroen leialtasuna indartzeko helburuarekin eta establezimendu txikien biziraupena bermatzeko formula gisa. Horretarako, egitasmoan parte hartu dutenek SMS bidezko eskaintzak jasoko dituzte.

Agipan 140 okindegik osatzen dute, eta, guztira, 1.800 pertsonek lan egiten dute horietan. Egitasmoarekin bat egin dute Andoain, Azpeitia, Beraun (Errenteria), Deba, Donostia, Getaria, Hernani, Irun, Legazpi, Tolosa, Urretxu, Billabona eta Zumarraga udalerrietako okindegiek.

Kanpainako xehetasunak eta zozketaren oinarriak www.facebook.com/Agipan orrialdean daude.

Escribir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.