“Euskal Gastronomia Akademiaren saria Unibertsitate Ikastetei”

28 April, 2022

ZIOEN AZALPENA

Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateei Unibertsitateko Estatutu Orokorrek eta legediak ematen dizkieten funtzioen artean dago ikerketa sustatzea eta zabaltzea.

Euskal Gastronomia Akademiak, bere aldetik, Estatutuen 2. artikuluan, helburuen artean euskal sukaldaritza eta gastronomia arteak aztertzea, ikertzea, hedatzea, saritzea eta zabaltzea daudela adierazten du, tradizioen garbitasuna sustatzeko eta bilakatzeko.

Xede hori betetzeko, Euskal Gastronomia Akademiak eta Deustuko Unibertsitateak Lankidetza Hitzarmen bat sinatu zuten 2020an, eta hainbat bilera izan eta helburu komunak dituztela ikusirik, “Euskal Gastronomia Akademiaren Saria Unibertsitate Ikasketei” sortzea adostu dute, Unibertsitatean gastronomiarekin zerikusia duten gaiei buruzko azterketa eta ikerketa sustatzeko helburuarekin.

Sari honen deialdiaren helburu nagusia gastronomiarekin lotutako gaien inguruko ikerketak sustatzea eta bultzatzea da, eta, gainera, aukeratutako eta saritutako lanen zabalkundea egitea.

Deialdiak oinarri hauek izango ditu:

LEHENENGOA. PARTE HARTZAILEAK

Gradu Amaierako Lanean edo Master Amaierako Lanean matrikulatuta dauden Deustuko Unibertsitateko graduko eta graduondoko ikasleek parte hartu ahal izango dute.

BIGARRENA. BALDINTZAK

Deialdi arruntean gutxienez 10etik 8ko balorazioa lortu duten lanak onartuko dituzte sarituak izateko.

Aurkeztutako lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabekoak izan behar dute. Lanak banakakoak edo taldekoak izan daitezke.
Lanak idatzizko dokumentuak edo ikus-entzunezko edo multimedia dokumentuak izan daitezke.

Lanaren hizkuntza euskara, gaztelania edo ingelesa izango da.

HIRUGARRENA. LANEN GAIA

Lanen gaia gastronomiari lotuta egongo da. Lanak oinarrizko ikerketakoak edo ikerketa aplikatukoak izan daitezke.

LAUGARRENA. EPEAK

Lanak sariaren edizioko ikasturteko ekainaren 30a baino lehen bidali beharko zaizkio epaimahaiari.

Saria ikasturte horretako uztailaren 31 baino lehen ebatziko da.

BOSGARRENA. EPAIMAHAIA

Epaimahaia, gehienez, 5 lagunek eta gutxienez 3k osatuko dute honela banatuta: Euskal Gastronomia Akademiako ordezkaria(k) eta Deustuko Unibertsitateko ordezkaria(k). Epaimahaiburu Zuzenbide eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateetako dekanoak izango dira txandaka.
Sarira aurkezten den lanen bat zuzendu dutenak ezin izango dira Epaimahaiko partaide izan.

Epaimahaiak honako irizpide hauen arabera balioetsiko ditu aurkeztutako lanak: gaiaren originaltasuna, zorroztasun zientifikoa, erabilitako metodologia eta lortutako helburu eta emaitzekiko koherentzia.
Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da eta uztailaren 31 baino lehen jakinaraziko da, eta saria eman gabe ere geratu daiteke.

Epaimahaiak akzesit bat sortu edo saria ex aequo eman dezake.

SEIGARRENA. FORMA BALDINTZAK

Lanek Deustuko Unibertsitateko Ikasketa Amaierako Proiektuen Gidan ezarritako lanen baldintzak bete beharko dituzte.

Lanak urteko deialdian zehaztutako helbide elektronikora bidaliko dira.

ZAZPIGARRENA. SARIA.

Sariak 1.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du, lehenengo sariaren eta, hala badagokio, bigarren sariaren artean banatuko dena, Epaimahaiak adostutako proportzioan. Horrez gain, saritutako GrAL/MALaren egilearen izenean emandako diploma bat ere luzatuko da.

Sari banaketa Deustuko Unibertsitatean egingo da ekitaldi formal batean. Sariaren eta irabazlearen zabalkunde handiagoa lortzeko, Euskal Gastronomia Akademiak, urteroko sari banaketa formalean, Akademiaren diploma eta opari txiki bat emango dizkio Unibertsitate Ikasketen Sariaren irabazleari.

ZORTZIGARRENA. URTEROKO SARIAREN DEIALDIA

Urtero, Zuzenbide Fakultateko eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoek egingo dute sariaren ediziorako deialdia, araudi honetan ezarritakoaren arabera, ikasturte bakoitzeko irailean. Deialdiaren zabalkundea ikasleen ordezkarien bitartez egingo da, GrAL eta MAL irakasgaia matrikulatzen duten ikasleen mailan, baita webgunearen bidez ere, edo behar den zabalkundea emateko interesgarriak diren beste edozein bide osagarriren bidez.

XEDAPEN IRAGANKORRA. Salbuespenez, sariaren sorrera formalki onartu eta biharamunean argitaratuko da “Euskal Gastronomia Akademiaren Saria Unibertsitate Ikasketei” izenekoaren I. deialdia.

AZKEN XEDAPENA. Sari hau etorkizunean Deustuko Unibertsitateko beste arlo eta fakultate batzuei zabaldu ahal izango zaie, Zuzenbidea eta Gizarte eta Giza Zientziak ez direnei, hitzarmen berririk egin behar izan gabe.