Gaztaren IV. Biltzarra-Ordizia

27 September, 2019

SARRERA

Biltzarraren 2018ko edizioan landu ziren gai berberak landuko dira 2019ko edizioan. Iaz, Ordiziari Magna Carta eman zioteneko 750. urteurrena ospatu zen —agiri hark Ordizia hiribildu gisa sortu zenaren fede ematen du— eta, zirkunstantzia harengatik, iazko edizioak ohikoak ez diren ezaugarriak izan zituen, gaiak lantzeko denborari dagokionez. Aurtengo edizioan, gai berberak landuko dira, esan bezala, baina denbora gutxiago izango da horiek azaltzeko; jardunaldi bakar batean azaldu beharko dira gai guztiak. Bestalde, iazko edizioan bezala, biltzarra EHUren Udako Ikastaroen programan sartuta agertzen da eta helburu berdina jarraitzen du izaten: artzaintzaren berri ematea jarduera horren inguruko interesa duten pertsona guztiei, jarduera garrantzitsua baita gure herrialdeko ekonomia eta gastronomia indartzeko, natura kontserbatzeko eta biodibertsitatea hobetzeko.

Zenbait artzainek gaztak egiterakoan lortzen duten produktua desberdina izaten da urte-sasoi batean edo bestean egin eta leku batean edo bestean egin. Udaberrian neguko larreetatik mendiko larreetara eramaten dute azienda eta mendiko larreetako belarrak baditu alde nabarmenak behealdeko larreetako belarrarekin alderatuta; horregatik, mendiko larreetan lortzen den esneak ere ezaugarri bereziak ditu eta gazta ere halakoxea da: berezia eta zapore bikainekoa. Kontsumitzaileek ere gero eta gehiago bereizten dituzte bailaretan egiten diren gaztengandik. Bailaretan gazta on bat egitea lortzeak baditu bere lanak, baina MENDIKO GAZTAK beste zailtasun bat izaten du: oso baliabide gutxi izaten da udako saroietan, lanik gehiena eskuz egiten da; gure mendilerroetako lehenengo artzainek gazta egiterakoan erabiltzen zituzten metodo zahar haiek datozkigu gogora. Hori bai, higienea eta garbitasuna zorrotz zaintzen dira beti, neguko gaztak egiterakoan egiten den bezala; jatorri izendapenek, gainera, araututa eta zainduta dituzte faktore horiek.

BILTZARRAREN HELBURUA

Biltzarraren egituraren ardatza da Idiazabal Gaztari lotutako sektore osoa baliaraztea, jarduerak hartzen dituen alderdi guztien hiru euskarri sozioekonomikoak kontuan hartuz. Hori guztia hiru saiotan landuko da urriaren 4an (ostirala), goizez eta arratsaldez.

Mendiko gaztari dagokionez, asmoa da topaketa bat antolatzea gazta horren inguruan diharduten eragile guztiak bil daitezen, altxor gastronomiko horri  behar bezalako balioa emateko; asmoa da neguko gazta bikainen aldean duen berezitasuna nabarmentzea. Horrela, artzainei lagundu egiten zaie gure mendietan eta mendilerroetan egiten duten lana errentagarri egiten. Artzainek, izan ere, jarduera ekonomiko bat garatzeaz gain, beren artaldeekin gure mendietako eta mendilerroetako paisaiak modelatu egiten dituzte; pasaia horiek atsegin ditugu guztiok eta harro sentitzen gara gure herrialdeetan daudelako. Asmoa da, era berean, artzainek gure lurraldean eta beste lurraldeetan egiten duten lana ezagutzea eta aitortzea, mesede handia egiten baitute gero eta mehatxatuagoa dagoen biodibertsitatea zaintzeko.

Bailaretako gaztandegietan eginiko gaztei dagokienez, asmoa da aukera berriak irekitzea artzainen irudimenean; azken baten, ardura handiagoa izan dezatela, beren jardueraren errentagarritasuna hobetzeko.

Turismoaren eta Gastronomiaren proposamena sektorearekin zerikusia duen alderdi bat gehiago da. Bi produktu horiek gero eta jende gehiago erakartzen dute, bertakoa nahiz kanpokoa, eta gero eta indar handiagoa dute gure ekonomian; kalitatezko eta hurbileko produktuak ekoitzi behar dira eta, horretan, sektoreak zeresan handia du.

GAZTAREN IV. BILTZARRA – ORDIZIA

Ordiziako udaletxeko Ekitaldi Aretoan, gaztaren IV. Biltzarra izango da urriaren 4an, goizez eta arratsaldez, IDIAZABAL GAZTAREN ORDIAIZKO KOFRADIAK zuzendua. Hona hemen, jarraian, biltzarrean parte hartuko duten hizlarien eta landuko diren gaien zerrendak:

EGITARAUA

09:00 – Biltzarraren inaugurazioa agintarien aldetik

Mendiko gaztak / Transhumantzia

09:15-10:15. Ramo doktorearen hitzaldia. Ramo doktorea Zaragozako Albaitaritza Fakultateko irakaslea eta landa-albaitaria da eta transhumantzian ibiltzen diren Vidal Martinez eta Guadalupe Arbués senar-emazte artzainekin batera ariko da. Hitzaldi hau emango du: “Oinez eta zangoz Cuencako errege-abelbidean: 500 km Albarracingo mendilerrotik Sierra Morenakora, ganadu ondoan”. Albarracingo mendilerroa artalde transhumante gehien ibili izan den Espainiako eremua izan da antzinatik; gaur egun, oraindik bizirik diraun ibilbide luzeko transhumantzia-lurralde bakanetako bat da, 500 km arteko ibilbideak egiten dira oinez, Cuencako errege-abelbidean, Andaluzia aldeko lurretan (Gaztela Mantxaren hegoaldea eta Andaluziako iparraldea).

Horren inguruan, Zaragozako Albaitaritza Fakultateak inoiz egin ez den bezalako irakaskuntza-lana egin du azken urteotan. Horri esker, Fakultateko ikasleek ardien transhumantzia ezagutu ahal izan dute. Azaroan, Merina arrazako Montes Universales barietateko 3000 ardiekin joan dira, 24 egunez, Teruelgo  Guadalaviar herritik Jaengo Vilches herriraino, artaldea hiru artzainek gidatzen zutela.

Guztira, 32 ikaslek hartu dute parte esperientzian; sei eguneko 4 alditan banatu dira ikasleak, aldiko 8 ikasle eta 2 irakasle joan dira. Ikasleek zuzenean ezagutu dute sektorea, zuzen-zuzenean bizi izan dituzte transhumantziaren problematika eta konplexutasuna, hau da, transhumantzia zer-nolako ingurune eta baldintzetan mugitzen den ikusi dute eta Fakultatean hainbat arloren inguruan jasotako ezaupide teoriko-praktikoak praktikan jarri dituzte: patologia, terapeutika, pastikultura, ardiak gobernatzen, ardien portaera…

Ikasleek idatzitako blog honen bidez ikusten eta hedatzen da jarduera: (www.conlatrashumancia.blogspot.com) (67.996 bisita 2019/8/9an)