Gipuzkoako okindegiek

  • 37 okindegi batu dituen ‘Primerako ogia’ kanpainak merkataritza-establezimendu txikietan kontsumoa sustatzea du helburu, fabrikatzaile handien ogi-ekoizpen masiboan gero eta lehiakortasun handiagoa topatzen baitute
  • Agipan elkartea 140 okindegik osatzen dute, eta, guztira, 1.800 pertsonek lan egiten dute horietan. Gero eta bazkide gehiagok parte hartzen dute kanpainetan, Gipuzkoako okindegi tradizionalek lehengaien kalitatea eta ogiaren elaborazio prozesua zaintzeko egiten duten apustua azpimarratze aldera
  • Ekimenarekin bat egin dute Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain, Beraun (Errenteria), Deba, Donostia, Getaria, Hernani, Hondarribia, Ibarra, Irun, Legazpi, Tolosa, Soraluze, Urretxu, Billabona eta Zumarraga udalerrietako okindegiek

Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren (FMG) barne dagoen Agipan Gipuzkoako okindegien elkarteak okindegi tradizionalak nabarmentzeko eta merkataritza-establezimendu txikietan kontsumoa sustatzeko kanpaina abiarazi du berriro. Izan ere, fabrikatzaile handien ogi-ekoizpen masiboan gero eta lehiakortasun handiagoa topatzen dute. Guztira, 37 establezimenduk bat egin dute ‘Primerako ogia’ lelodun egitasmoarekin, okindegi txiki hauek duten ezaugarri nagusietako bat azpimarratzeko xedez: produktuaren kalitatea.

Agipan elkarteko presidente Mikel Garmendia pozik agertu da okindegi tradizionalen aldeko kanpaina berriro martxan jartzeko bat egin dutelako establezimendu ugarik. Okindegi tradizionalek ezaugarri duten lehengaien kalitatea eta ogiaren elaborazio prozesu zaindua ezagutzera ematea da egitasmoaren helburu nagusietarikoa, bezeroak sentsibilizatzeko asmoz. Garmendiaren iritziz, ekimen hauek beharrezkoak dira “kalitatezko ogiaren kontsumoa eta bertan egindako ekoizpena bultzatzen dutelako, eta Gipuzkoako enplegua mantentzen laguntzen dutelako”.

Agipan 140 okindegik osatzen dute, eta, guztira, 1.800 pertsonek lan egiten dute horietan. Kanpaina honen bidez, establezimendu talde honek gizartearekiko gertutasuna bultzatu nahi du, eta, aldi berean, bezeroen konfiantza eskertu. Gainera, elkartearen ezagutza zabaldu eta okindegi hauek eskaintzen dituzten produktuen eta zerbitzuen inguruko informazioa eman nahi dute.

Sari gehiago

Kanpainaren laugarren fase honetan sariak indartu nahi izan dituzte. Gaurtik hasita, azaroak 6, hilaren 26ra arte, okindegi hauetako bezeroek zozketa ugaritan parte hartu ahal izango dute: 12 egonaldi Euskadiko landetxetan (bi gau bi pertsonarentzat, gosaria barne), Nekaturren lankidetzari esker. Horrez gain, establezimendu bakoitzak txigorgailua eta lau ogi-sorta zozketatuko ditu. Guztira, 148 ogi-sorta banatuko dira kanpainan, eta irabazleek bi ogi jaso ahal izango dituzte egunero, astebetez, ohiko dendan.

Saltoki parte-hartzaileek kartelak izango dituzte atean, eta zozketetan parte hartzeko kutxak barruan. Bezeroek fidelizazio-txartelak jasoko dituzte, erosketa egiten duten bakoitzean markatzeko. Lau erosketa egiten duten bakoitzean, txartela kutxan sartu eta zozketan parte hartu ahal izango dute.

Ekimen honetan Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain, Beraun (Errenteria), Deba, Donostia, Getaria, Hernani, Hondarribia, Ibarra, Irun, Legazpi, Tolosa, Soraluze, Urretxu, Billabona eta Zumarraga udalerrietako okindegiek parte hartuko dute.

Proiektuaren babesle dira Donostiako Udala, Donostia Sustapena eta Eusko Jaurlaritza.

Kanpainako xehetasunak eta zozketaren oinarriak www.facebook.com/Agipan orrialdean daude.

Informazio gehiago: Infotres Komunikazioa

 

Write a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.