Akademia

EUSKAL GASTRONOMI AKADEMIA 1992ko apirilaren 9an sortu zen (egun horretan eman zuen izena Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan), eta urte batzuk beranduago onura publikokoa izendatu zuten (abenduaren 30eko 316/1997 Dekretua).

Euskal Gastronomi Akademia irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Plaza zabal eta atsegina izan nahi du, esku artean darabilen gaiak, GASTRONOMIAK alegia, bere baitan dituen ezaguerak bertan bildu, eta bertatik bazter guztietara zabaltzeko.

Zehatzago esanda, eta Estatutuetan bertan jartzen duenez, honelako jarduerak biltzen ditu bere baitan: “Euskadiko eta beste leku batzuetako sukaldaritza-arloko arteak aztertzea, lantzea, ikertzea, zabaltzea, goraipatzea, indartzea, sustatzea, saritzea eta hedatzea.”

Horretarako, AKADEMIAK jendaurreko eta kultura-arloko ekitaldiak, hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatzen ditu. Argitalpenak ere egiten eta sustatzen ditu.

Eta helburuak betetzeko behar den dirua dela-eta, Estatutuetan hainbat jarduera dago aurreikusita diru hori biltzeko asmoz. Diru hori, beti, helburu horiek betetzeko besterik ez da izango. Gainera, kideen ekarpenak ere hortxe daude, baina ekarpen horiek gure elkartearen funtzionamendu-premiak asetzeko izango dira, ez beste ezertarako.