Europako Batzordea eta Europa Nostra, nazioarteko aitorpen honen sustatzaileak, “proiektuaren tamainak txundituta” geratu eta “ondarea osorik leheneratzeko adibide berritzaile gisa” saritu dute Gatz Harana.
Añanako Gatz Haranaren Leheneratze Integralak Kultur Ondarearen Europako Batasuna saria / Europa Nostra 2015 saria jaso du. Europako Batzordeak eta Europa Nostrak sustatua, kultur ondareari Europan eskaintzen zaion aitorpenik handiena da, eta, hain zuzen, aitorpena eskaini die Añanako gatzagetako lanen kalitateari eta tokia leheneratzea eta balioestea eragiten ari den emaitzei.
Añanako Gatz Harana Fundazioak aurkezturiko hautagaitza, kontserbazioaren kategorian, Europako 29 herrialdetako 263 proiekturen artean saritutako 28etako bat da. Europa Nostra 2015 sariak azken hiru urteetan eginiko eta lorturiko lanak eta emaitzak saritzen ditu, nahiz eta Gatz Haranak XX. mendearen 90ko hamarkada bukaeratik daraman ikerketak eta lanak egiten.
Europa Nostra sarien presidente Plácido Domingo tenor espainiarrak azpimarratu du Gatz Haranaren Leheneratzea, gainerako irabazleak bezala, “sormen eta berrikuntza adibide garrantzitsua dela Europako Kultur Ondarearen aldeko lanean”.
Epaimahaiak, bere balorazioan, zera nabarmendu du: “Proiektuaren tamaina ikaragarria, paisaia, arkitektura, ingurumena, gatz-jarduera eta beraren tradizioak barne hartuta, baina baita lurralde osoa ere, garapen sozial, kultural, ekonomiko eta turistikoaren eragile izaten ari diren ekimen kultural eta turistikoen bidez”.
Epaimahaiak nabarmendutako beste alderdi bat Gatz Haranaren nazioarteko oihartzuna izan da, leheneratze integralari esker eskuratua, hala nola Añanako gatzaren esportazioa dela medio -25 herrialdetan baino gehiagotan merkaturatzen da-, “Euskal Herriko sukalde entzutetsuenetan ez ezik, nazioartean ere balioetsita”.
Gatz-jarduera duela 6.500 urtetik baino gehiagotik garatzen duen toki paregabea
Gatz Harana Añanan dago, Araban. 13 hektareako hedadura dauka eta munduan parekorik gabeko gatz-paisaia da. Berriki eginiko ikerketa arkeologikoek berretsi dute gatza duela 6.500 urtetik baino gehiagotik ekoizten dela, etenik gabe, haran honetan. Hortaz, paisaia bizia da, etengabe bilakatzen dena.
Añanako gatzagen bereizgarria berauen arkitektura ikusgarria da, ondokoez osatua: harrizko, zurezko eta buztinezko lurrunketa-terrazak, ur gazia iturburuetatik putzuetara grabitate bidez eramaten duten egurrezko ubideak, hala nola gatz-biltegiak; gatz-bioaniztasun oparoa eta milaka urtean ekoizpen-teknika tradizionalak transmititu izana ere berezitasun ditu.
XX. mendearen bigarren erdialdean, industria modernoaren gorakada tarteko, ekoizpena murriztu egin zen; ondorioz, gatzagen mantentze-lanak ere gutxitu egin ziren. Harana, orain, buru-belarri sartuta dago XX. mendearen 90eko hamarkada bukaeran “Gatz Harana Osorik Leheneratzeko Plan Zuzentzailea”rekin hasitako asmo handiko proiektuan. 2004an Plana idazten bukatu zenean, egitasmoan jasotako hainbat zuzentarau sustatu ziren.
Izaera integraleko leheneratzea
2009an, Añanako Gatz Harana Fundazioa sortu zen, irabazi asmorik gabeko erakundea, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Añanako Udalak eta Gatzagak gatz-egileen elkarteak osatua. Ondasunaren jabea eta kudeatzailea den heinean, hiru lan-ildo nagusi ditu:
• Lekuko kultura materiala eta ingurumenarekin loturikoa leheneratzea eta kontserbatzea, haren iraunkortasuna bermatzeko.
• Teknika tradizionalez baliatuta, modu iraunkorrean eta gatz-egileen milaka urteko “jakinduria praktikoa” errespetatuta, kalitate bikaineko gatza ekoiztea, Añanako Gatza; produktuaren salmentak proiektua autofinantzatzen laguntzen du.
• Herritarrei irekitako leheneratze-planteamenduaren arabera, Añanako Eskualdearen eta Araba osoaren garapen sozial, ekonomiko eta turistikoaren eragile izaten ari diren ekimen kultural eta turistikoak garatzea.
Leheneratze eta balioespenaren emaitzak
Lanek eta emaitzek erakusten dute Plan Zuzentzailean deskribaturiko helburuak sobera betetzen ari direla hasierako aurreikuspenei dagokienez:
• Tokiaren eta bertako arkitekturaren leheneratzea eta kontserbazioa. Haranak, egun, oso bestelako irudia eskaintzen du 90eko hamarkada bukaerakoari dagokionez. Une honetan, bermatuta ditu benetakotasuna eta osotasuna: 2.000 larrain baino gehiago ditu martxan, egurrezko ubideak 4 kilometroan zehar, 217 gesal-putzu eta 44 gatz-biltegi.
• Aparteko kalitateko gatzaren ekoizpena eta salmenta. Proiektu honen balio diferentziala aparteko kalitateko gatza ekoizteko eta saltzeko aukeran datza. Añanako Gatza munduko onenetakotzat jotzen dute nazioarteko zenbait sukaldari entzutetsuk, 25 Michelin izar eta 28 Repsol eguzki batzen dituztenek, eta Nazioarteko Slow Fooden Baluarte produktua da.
• Publikoari irekitako leheneratzea. Proiektuaren izaera integralak bide ematen du gatzagen leheneratzea eta mantentzea eta gatzaren ekoizpena bisita gidatuekin uztartzeko, herritarrek prozesu osoan parte har dezaten. 10 urtean, 300.000 lagunek baino gehiagok bisitatu dute. 2014an, errekorra lortu zuen: 64.296 bisitari.
• Inbertsio oso errentagarria: % 40ko autofinantzaketa. Bisita gidatuetan eta Añanako Gatzaren salmentan oinarrituriko politika eraginkorrari esker, proiektuak autofinantzaketa-ehuneko handia dauka. 2014an, kontzeptu biak batuta 600.000 euroko diru-sarrera lortu zen, hau da, urteko aurrekontuaren ia % 40. Fundazioak, irabazi asmorik gabea den neurrian, proiektuan inbertitzen ditu berriz ere lortutako baliabide ekonomikoak.
• Jarduera ekonomiko eta enplegu iturria. Leheneratze-lanek eta gatza ekoizteko jarduerek, turistikoek (bisita gidatuak) eta kulturalek lana sortzen laguntzen dute. Ekintzaile asko aukera ikusten ari dira eta Fundazioak prestakuntza eta integrazio soziolaboralari buruzko ikastaroak antolatzen ditu.
Sari-banaketa, ekainaren 11n Oslon (Norvegia)
Kultur Ondarearen Europako Batasuna saria / Europa Nostra 2015 saria banatzeko ekitaldia ekainaren 11n izango da Osloko Udaletxean, eta mahaiburu izango ditu Fabian Stang, Osloko Alkatea, Tibor Navracsics, Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kirolerako Komisario Europarra, eta Plácido Domingo, Europa Nostraren Presidentea.